2015 – Batxi2koen agurra – 1997ko belaunaldia

20150613_003409

Ostiralean esan genion agur 1997ko belaunaldiari.

Goiz hasi zen eguna… 07:45ean, autobusean zen artaldea Hautaprobetako azken azterketak egiteko xedean: ingelesa eta euskarako azterketa ziren ikasturte zail honetako azken aldapa. Aurreko egunetako larritasunak pasa eta gero, lasai igo ziren autobusera eta ikasle ohi zaharragoak egindako bromek ez zuten bat ere urduri jartzea lortu. Hauek izan dira aurtengo azterketak!

Yaotrakosamariposa!

Arratsaldeko 18:00etan geratu ziren neskak ekitaldia prestatzeko. Ordu horretan agertu zirenak ez ziruditen goizeko neskatxa berak: takoi garaiak, ilaje distiratsua, mutur gorriak… Zer zen hura! Hala ere, Villaeugeniako aretora sartzean, koloredun bolaz betetako pistzina erakargarria egin zitzaien eta umekeriak gustuko izan zituzten… baina haurtzaroko aretoa oraingoa baino handiagoa zela iruditu zitzaien… Naroak ekarritako bideotan areto bera zela konprobatu zuten, baina euren tamainak ez, ordea! Gustura lehertu ziren farrez, Moyua 3 zenbakia ikasten ikustean edo borobilean zerraldo etzaten zirenean, edo… Morenoren plista-plasta bideoek ere algara franko eragin zuten… Eta bertsoa! Bertsoak bere lana eman zuen; doinua aukeratu, ideia ere bai… eta hitzak ezin kortsé horretara moldatu. Azkenean, hori ere lortu zuten. Aurkezpena egokitu eta… plazara! mutilak ikustera!

Hantxe zegoen Botaik taldea –Dead Kennedys Ordizian?-, eta plaza bete guraso eta adiskide aurrean. Burrunbazaleren ondoren jo zuten eta saioa atzeratu egin zitzaigun, baina pilak kargatuta etorri ginen denok Villaeugeniara!

2015-Batxi2ko agurra-ekitaldia (2) 2015-Batxi2ko agurra-ekitaldia 2015-Batxi2ko agurra-ekitaldia (1)

Hasi zen saioa, Maddik erritmoa markatuta:

  • Naroak bideoa jarri zuen, saltoka, berak zekien uneetan geraraziz… Arrakasta itzela izan zen erregresio hura!
  • Iñigok ez zuela irakurri nahi, baina neskek ez zioten eskakeatzen utzi. Testu ederra zen berak Jakintzazurako idatzi zuena eta denek entzutea nahi zuten! Baliente-baliente atera zen gure Iñigo jendaurrean eta agurtzen ari ziren ikasleen bizipenak laburbildu zituen:

“Jakintza Ikastolari dagokion gure bizitzako etapa kontsumitzear dago jada. Batzuk lehenago hasi ziren beste batzuk baino, ondoren Errumaniatik edo Ekuadorretik zetozen ikasleak iritsi eta, lagun zirela, utzi gintuzten. Batzuei arrastoa galdu diegu, eta beste batzuk, aldiz, gure artean jarraitzen dute. Udai, Ainhoa, Ana, Xabi… ez dira gure azkeneko ikasturteetan egon, baina guztiok, gauden tokian gaudela, egunero-egunero ekiten diogu gure proiektuari, oraindik non amaituko den ez dakigun proiektuari.

2010. urtera itzuliko bagenu begirada, batzuk argiago, beste batzuk lanbro fin batez estalirik, baina denok oroituko dugu DBHko lehen urte amaitzean sentitu genuen pozak ekarri zuen iskanbila. Izan ere, ikasturte oso batez pilatuz joandako orri sorta guztiak gelaren atzealdean pilatu genituen eta, egindakoa ezkatutu nahirik, paperezko mendi batez bete genuen armairuaren atzealdea. Gelan sartu eta minutu gutxi batzuk soilik behar izan zituen Blanka Muxikak egindako estropizioaz jabetzeko, Beasaingo Idazlan Lehiaketako liburuak aurkitzeko xedean graziosoren batek armairuan gordeta zeudela gogorarazi baitzion.

Datozen hiru urteak gero eta azkarrago igaro ziren, hainbeste itxaron genuen ikasbidaia iritsi zen arte. Paris-Salou, Salou-Paris arteko lehian, argien hiriak irabazi zuen, eta bertan irakasleen fazeta dibertigarriena ezagutu ahal izan genuen. Angelen lehiakortasuna inoiz baino handiagoa  zelarik, Euro Disneyko txalupetatik blai eginda irten ziren asko, eta ia afaldu gabe geratu ginen hamar orduko itzulera bidaiari ekin baino lehen. Esan dezakegu, Orsay museoa salbu, hobetu ezinezko bidaia izan zela.

Lurdes irakaslearekin gaztelerako lehen saioetan ikasi genuen “El Bahul de los Recuerdos” abestian ongi esaten duen bezala, iraganeko edozein momentu beti iruditzen zaigu hobea. Baina agurraren unea iristeak ez du esan nahi igaro ditugun uneak idealizatu behar ditugunik, ezta gutxiagorik ere. Momentu guztiak ez dira onak izan, egun txarrak ere bizi izan ditugu, haserreak eta liskarrak presente egon dira egunerokotasunean. Dena den, oraindik nora iritsiko den ez dakigun bidaia honetan, gure oroitzapenek Ikastola ahaztu ezingo duten bezala, espero dugu beraiek ere gu ahaztu ez gaitzatela.”

  • Ez zabiltza oker, Iñigo! Egunerokotasunean, etapa asko ahazten badira ere, hortxe ditugu argazkiak gogorarazteko… Ez genituen denak bilduko, baina apunte bat, behintzat, badugu hemen: Jakintza ikastola: 1997-2015
  • Maddik ikasle guztiak aurrera ateratzeko agindua eman zuen. Denak firme jarri eta arratsaldean osatutako bertsoa kantatu ziguten. Nota gora, nota behera… agur bat baino gehiago, gero arte esan nahi zutela adierazi zuten!

Doinua: Xalbadorren heriotzean

Nahi ez genuen arren,

iritsi da eguna 

oroitzapenez beteko

urte askoren ondoren

agur esatekoa.

Elkarrekin gabiltza,

txikitatik lotuta,

liskarrak eduki arren,

negarrak pasa ondoren

onenak bihotzean, bihotzean.

Lagunak, irakasle

eta famili arteko

une polit bat nahi dugu,

guztion arten gozatu,

kidetasuna bermatu (BIS)

(barre ta algaraka, algaraka…)

  • Irakasleok ere gure puxtarria jarri genuen eta, nola ez!, azterketa! zein da zein bat osatu genien. Ikasleak ondo ikasita zihoazela konprobatu genuen berriro!
  • Denbora aurrera, afaria atzeratzen ari zitzaigun eta enkuentroari amaiera eman genion. Maddiren emozioak malkoak atera zizkien bati baino gehiagori. Oraingoan, neskak gurasoekin batera alde egin zuten eta mutilak utzi zituzten aulkiak jasotzen. Hauek koltxonetatan umekeriak egin eta lana di-da batean aurreratu zuten. Eta afaltzera!
  • Amaia Martinezen laguntza estimagarria izan genuen, gaztelua itxi eta alarmak dar-darrean jartzeko beldurrak uxatzen lagundu ziguna!
  • Afarian Elenak Ainhoaren oparia ekarri zigun, aparteko bertsoa. Berriro malkoak…

Doinua: Mendian Gora Haritza

Zenbakien eta hitzen

misterioak argitzen

aritu gara hiru egunez

ederki sufritzen. 

Zenbat data! Zenbat izen!

Ta zenbat liburu gizen!

Baina bukatu da eta hasi

gaitezen bizitzen (Bi aldiz)

Aro baten bukaera

beste baten hasiera

da eta egun hau ospa dezagun

guztiok batera. 

Bakoitzak bere aldera

egin behar du aurrera, 

baina gerora berriro ere

elkartuko gera (bi aldiz)

Gozo-gozo bukatu genuen hura. Eskerrak Ainhoa, eskerrak Amaia Martinez, eskerrak HHko irakaslei bere txokoa utzi zigutelako -ondo utziko al genuen!-, eskerrak Anabitarte eta Eiderri, eskerrak guraso, ikasle eta denoi, hurrengo eguneko tokata, Jakintzako jaia, boda, Pariserako bidaia eta abar alboratu eta gurekin egon zinetelako. Ez dut Iñigoren hitzak hobetzea lortuko…

…Dena den, oraindik nora iritsiko den ez dakigun bidaia honetan, gure oroitzapenek Ikastola ahaztu ezingo duten bezala, espero dugu beraiek ere gu ahaztu ez gaitzatela.

20150612_223844 20150612_223852  20150612_223926 20150612_223934 20150612_223943 20150613_003404